XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HONDARRIBIKO IZKERARI BURUZ Hondarribia.

Arratsalde on denoi.

Gaurko batzar ontan Hondarrabia`ko izkerari buruz zerbait esanez itzalditxo labur bat egiteko eskatu dit Euskaltzaindia`k.

Eta euskeraren alde eskatzen didatenari ez baidakit ezer ukatzen, emen nago zerbait azaldu naiean.

Baiña ontarako baietza ematean gaizki egin otte dedan bildur naiz.

Esango det zergatik.

Erri ontako izkeraren berri ematea da agindu didaten gaia ta ni ontan ez naiz aukerakoa.

Berrogei ta amar urtetik gora nituela aldatu giñan erri ontara ta oraintsu arte artu-eman gutxi izan det emengo jandearekin.

Etxean ondarrutarrez itz egiten degu; lantegian, geienak, Ebro`tik aruntzago jaiotako emakumeak nituen lagunak eta kalean bakarren bat edo beste noizean bein berriketaldiren bat egiteko.

Itz batean esateko, ez naiz errotu erri ontan eta orregatik ez det batere sakondu emengo izkeran.

Alaz ere gauzatxoren batzuek esan nitzazke ta esango ditut.

Euskal Herria aundia ez bada ere, guztiok dakigunez, eta askotara itz egiten degu euskaldunok.

Zortzi izkelgitan berezi zuen euskera ontan lan aundia egin zuen Luis Luziano Bonaparte printzipeak.

Baiña, izkelgi edo dialekto bakoitzaren barrenean ere ba da naikoa desberdintasun.

Errialde bakoitzeko izkerak geienetan ba du bere kutsu berezia eta askotan erri bakoitzekoak ere bai.

Egia esateko, erri bakoitzeko izkerak duten bere itxura ori, asko, doiñu edo tonuak ematen diena da; baiña guztia ez.

Itzetan ere batzuek zerbait berezia izaten dute.

Itzak ala edo ola laburtu ta beste iñun esaten ez ditan itz eta esaerak erabilli.

Guk, umeak giñanean, au esaten ikasi genuen: Lekeittio`n yausi, Ondarru`n jausi, Mutriku`n amilddu ta Deba`n erori.

Umeok umekeria bezela esaten genuena izan arren erri bakoitzak, izkeran, bere zerbait ba duela baieztuten du orrek.